XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Praktikan, ezberdintasun honek garrantzi haundia izango du, zuzenbide penala aplikatzeko ez baita beharrezko izango egintza ez-zilegiak kalterik eragitea, baina zuzenbide zibilera jotzeko berriz, derrigorrezkoa da egintza horrek galera bat sortzea nahiz eta bere izaera zilegia izan.

Erantzukizun zibilik sortzen ez bada kalterik egon ez delako izango da, baina, ez egilea errudun ez delako.

Penalki egintza bat egozteko nahikoa da egilearen borondatea benetan errudun izatea, beti ere, berau kanpo munduan isladatu bada.

Hori dela eta, prozesu penalean epaitutako egitateetan eskuhartu duten elementu subjektibo eta pertsonal guztiak hartuko dira kontutan, eta Kalte Zuzenbidean salbuetsiak izango dira, epaiketa datu objektibo eta abstraktuetan bakarrik oinarritzen delako.

C. Ondorioak

Lehenik eta behin, erantzukizun penalean ez da beharrezko izango kalte materialik egotea. Horregatik saiakera graduko delituetan, droga trafikokoetan, arma edukitza ez zilegizkoetan, e.a. erantzukizun penala ematen dela egiaztatu daiteke, baina ez zibila, kalterik sortzen ez baitute.

Halaber, ordena penalean ezin da pertsona bat zehatu, honek azaldutako portaera aurrez arau batetan jaso ez bada, alderantzizko kasuan, epaile zibilak kasu bakoitzean askatasun haundiz erabakiko du: analogia zein interpretazio hedatzailea ere erabiltzeko ahalmena baitu.

Aztertu dugun guztiaren ondorioz, hobe da arlo zibilean zuzenki erantzuleez hitzegin beharrean erantzukizuna jasaten duten ondareei buruz mintzatzea, azken batean hori baita gertatzen dena: ordaintzera behartua dagoen subjektua ez da beti kaltea eragin duen subjektua izango baina, hala ere, bere ondareak gutxitze bat jasango du, kalte-ordainaz erantzun beharko du eta.

Bukatzeko esan kaltetuaren jarrerak kaltearen sorreran zerikusia izan badu ere, egile zuzenaren erantzukizun penala ezartzerakoan, ezingo dela kontutan hartu, baina ordain-sariaren zenbatekoa kalkulatzerakoan aintzat hartuko da.

Pertsona baten erantzukizun penala ez da beste batenarekin konpentsatuko, baina ondorio ekonomikoak arintzeko balioko du.

1.4. Sententzia penalaren eragina ebazpen zibilarekiko

Sententzia penal zigortzaileak, akzio erreserba espresua egin denean, epaile zibila nolabait ere lotetsi egiten du delitu egilearen erruduntasuna eta egintzaren legekontrakotasuna ezartzen baititu, baina gainontzeko gaietan epaile zibilak askatasun osoz jardungo du: esate baterako erantzukizun zibilaren quantum ezberdin bat finka dezake eta beste erantzule zibil batzuk ere izenda ditzake.

Sententzia penala absolutorioa izan arren, bestalde, Auzitegi zibilak egintzak berriro ere epai ditzake ez-zilegitasun zibila eman den ala ez aztertzeko.

Auzitegi Goreneko 1. Salak 1989ko ekainak 9ko sententzian dioen bezala sententzia penalek ez dituzte epaile zibilak lotesten, eta ez dute aurrepaituko azken hauek egitateekiko egin dezaketen balorazioa

Halaber, akzio zibilaren erreserba espresurik egin ezean, sententzia zigortzaile penalak delitu zehatz horretatik eratortzen den erantzukizun zibilaren zenbatekoa adieraziko du.

Kasu honetan, bigarren sententzia zibil bat ere posible izango da, lehenengoaren osagarria izango dena, non sententzia penalak kontutan hartu ezin izan dituen egitateak aztertuko baitira.

Baina urrunago ere joan gaitezke: Epaiketa Kriminalari buruzko Legearen 108. artikulua aztertuz gero, Ministeritza Fiskalak edo kaltetuak lehenengo prozesuan akzio zibila egikaritu ez badu ere (eta noski, berau espreski erreserbatu ez duenean) ekintza falta hau ez da isilbidezkotzat hartuko eta ondorioz subjektu horiek auzitegi zibilen aurrean prozesu berri bat tarteratzeko gaitasuna izango dute.